Zer da?
1985ean sortu zenetik, “Arte eta historia hiriak eta herrialdeak” labela Frantziako Kultura ministerioak esleitzen du. Ondareari eta arkitekturari buruzko sentsibilizazio, kontserbazio eta bitartekaritza lanak egitera engaiatzen diren hiri eta lurraldeei ematen die.
Egun, Frantziako sare horrek 190 Arte eta historia hiri eta herrialde biltzen ditu; horietatik 120 hiriak dira, eta 94 herrialdeak.
Akitania Berriko eskualdea Frantziako estatuan arte eta historia hiri eta herrialde gehien dutenetakoa da: 28 lurraldek dute labela. Pirinio Atlantikoetako departamenduan, bi arte eta historia hiri (Baiona eta Paue) eta bi arte eta historia herrialde (Biarnoko Pirinioek eta Donibane Lohizune-Ziburu) daude.
“Arte eta historia hiriak eta herrialdeak” labelaz eta hartzaileei begira dituen eginkizunez gehiago jakiteko:
Arte eta historia labeldun lurraldea
2016an, Donibane Lohizune eta Ziburu hiriek, badiako herriarteko sindikatuan bildurik, “Arte eta historia herrialdea” labela eskuratu zuten. Horretarako, bi herriek inbentario eta agerian emate lan handia egin zuten, eta labelak lurraldearendako ondare proiektu indartsua gauzatu zuen.
Labelerako hautagaitzaren baitan, badiaren aurkezpen bideo bat sortu zen, Donibane Lohizuneko eta Ziburuko lurraldearen nortasun berezia agerian emateko:

Lurraldean bi Ondare Gune Ohargarri eta zenbait Monumentu Historiko daude. Arte eta historia herrialdeko lantaldeak aberastasun hori agerian ematen du, urteroko bisita, topaketa, erakusketa eta mintzaldi programa antolatuz…
Labelak eta proiektuek 10 urte
2026an, Donibane Lohizuneko eta Ziburuko Arte eta Historia Herrialdea labelak hamar urteko engaiamendua ospatzen du tokiko ondare eta kulturaren alde.
2016an labela ukan zuenetik, itsasadarreko historia zaintzeko, balorizatzeko eta transmititzeko lan egiten du, programazio aberatsa, hurbilerraza eta aniztuna eskainiz herritarrei, haur eta gazteei eta bisitariei:
- Bisita gidatuak eta antzeztuak, bisitariei lurraldea ikuspegi historiko, artistiko eta sentsibletik ezagutarazteko.
- Erakusketa urbanoak eta in situ: 17 bat erakusketa antolatu dira AOIZen eta eremu publikoan. Hainbat gai aipatu dituzte, hala nola sorginkeria, eta arkitektura, Errekoletoen komentuaren historia edo, oraino, Maurice Ravelen Boleroa. Barne-ikerketetatik edo beste erakunde batzuekin egin partaidetzetatik sorturik, erakusketa horiek lurraldearen aberastasuna eta aniztasuna argitan ezarri dute, ondarearen, sorkuntzaren eta transmisioaren arteko elkarrizketa sustatuz.
- Haur eta familiendako jarduera pedagogikoak: bisitak, tailerrak eta hezkuntza-proiektuak garatzen dira urte osoan zehar irakasleekin lankidetzan. Ekimen horiek gazteenei ingurunea behatzeko, esperimentatzeko eta hobeki ulertzeko parada eskaintzen diete, eta, aldi berean, beren jakin-mina eta behako kritikoa garatzen dituzte.
- Hitzaldi-zikloak eta kultur programazioa: hitzaldiek, ikusgarriek, kontzertuek eta ondareko profesionalekin egin topaketek eskaintza aberasten dute. Trukatzeko memento horiek ondare-kulturarekiko ikuspegi irekia, sortzailea eta eskuragarria lortzen laguntzen dute.
- Ekitaldi nazional handietan parte hartzea: labelak egun hauek ospatzen ditu: Ondarearen Europar Egunak, Arkitekturaren Nazio Egunak, Arkeologiaren Europar Egunak eta Ondare-ofizioen Europar Egunak. Tokiko partaide askoren parte-hartzeari esker antolatu memento nagusi horiek ondarearen inguruan elkartzeko eta partekatzeko parada ezin hobeak dira.
Label horren ukaitea Frantziako Estatuaren eta Donibane Lohizuneko eta Ziburuko herrien arteko partaidetzan oinarritzen da, hamar urte guziez berrizta daitekeen hitzarmen baten bidez formalizatuz.
Urteburu honek hitzarmenaren epemuga ere markatzen du. Hamar urteko ekintzen ondotik, Arte eta Historiaren Herrialdea bere ekintzen bilana eta ebaluazioa egiten ari da, baita 2027-2037 denboraldiko proiektu berri bat sortzen ere. Dosier osoa Ondare eta Arkitekturaren Eskualdeko Batzordeari aurkeztuko zaio, eta honek labela berritzen duen erabakiko du. Labelaren taldeak prozesua 2025eko irailean hasi zuen, lurraldeko partaideekin hitzarturik.
Labelaren berritzea urrats estrategikoa da lehentasunak birdefinitzeko, lurraldeko partaidetzak indartzeko eta proiektua lurralde-dinamika berri batean sartzeko Donibane Lohizuneko eta Ziburuko itsasadarrarentzat.
Labelaren ekintzak
Arte eta historia herrialdearen ekintzek ondarearen agerian ematea eta arkitektura kalitatearen promozioa uztartzen dituzte, eta lau arlotan banatzen dira:
Errekoletoak AOIZ
Ondarearen bitartekaritzaren zerbitzurako tresna da. Bisitariei Donibane Lohizuneko eta Ziburuko badiaren historia ulertzeko gakoak eskura ematen dizkie.Hitzorduak

Arkitekturaren eta ondareen inguruko programa kulturala (bisitak, topaketak, tailerrak, arte ibilbideak, Frantzia mailako jardunaldiak, erakusketak, mintzaldiak…).
Esploratzaileak

Ibilbideak

Badiako ondareak autonomian ezagutzeko argitalpenak.



