1920ko hamarkadan, hiri balnearioaren urrezko aroan, Herriko Etxeak ordu arte pergolaz babestuak ziren bainuak hobetu eta zerbitzu anitz bilduko zituen herriko eraikin berritzailea eraiki nahi izan zuen: bainuetxea, kasinoa, hotela, garajeak, saltokiak eta eremu publikoko galeria estaliak. 1923an, William Marcel arkitektoaren “Bainuen auzoa” proiektu erregionalista ausarta hautatu zuten, hastapeneko proiektua arindu ondotik. Beheko solairua egiten ari ziren bitartean, azkenean, proiektua Robert Mallet-Stevens nazioarteko mugimendu modernistako arkitekto saihestezinaren esku utzi zuten. Azken horrek arte modernoan oinarritu forma soilak zituen ontzi itxurako eraikina marraztu zuen. 1950eko hamarkadan, arkitektura-eraikina itxuraldatu zen, André Pavlovsky arkitektoak eraikina bi apartamentu-mailaz goratu zuelarik. 1980ko hamarkadan ere, mini-golf ohian Hélianthal hotela ezartzeak hegoaldeko aitzinaldea aldatu zuen.