Garaiz garai, balea ontziak, bakailao ontziak, kortsario ontziak, txalupak eta lurrun ontziak, klipperak eta kanabera-atunontziak ibili dira, portua animatzen. Oroimen hori atxikitzeko, 2002an, Ziburuko Hiribarren ontziolan 1953an eraiki Aïrosa ontzia monumentu historiko gisa sailkatu zuten. Ontzi hori oraindik ere badabil; hiru lan masta dituenez, bolintxazko eta kanaberazko arrantzan aritzeko parada ematen du. Egun, itsasoko zurgintzaren trebetasuna Ziburuko Marin eta Socoa ontzioletan iraunarazten dute. Han, besteak beste battelekuen edo couralin ontzixken gisako itsasontzi tradizionalak egiten dituzte. 2019tik, Marin ontziolak Albaren erreplika bat eraikitzeko ardura hartu du. Alba 14 m-ko sardina-txalupa zen, lurrunontzia, 1907an egina, Letamendia ontziolan. Baina, hala ere, portuko paisaian kaskarot famatuak eskas dira, hau da, XX. mendearen hasiera arte bi hirietako eguneroko bizia animatzen zuten emazte arrain-saltzaile aho handiak.